Published: March 13, 2013, 12:30 p.m.

Gaurtik aurrera beilatoki zerbitzua izango du Oñatik. Hiribilduan ezaugarri hauek dituen lehendabiziko instalazioa irekiko du 12:30etan Moyua ehorztetxeak. Ekitaldi xumea izan bide da. Bertan Sabino Zuazabeitia erretoreak, Udalbatzako ordezkariek eta ehorzketen arloko zenbait kidek hartuko dute parte. Horrela zabalduko dira gizartean gero eta eskaera handiagoa duten zerbitzuak eskaini asmo dituzten instalazioak.
Beilatokiak orotara 365 metro karratuko azalera hartzen du, eta atzo ehorztetxeko kudeatzaile Miguel Angel Moyuak adierazten zigunez, “herritarren eskaera bati erantzun asmo dio, izan ere, maite duzun nornahi hiltzen deneko une hain larrian, Oñatiarrak Arrasatera edo Bergarara joan behar izaten baitzuten gaurdaino”.
Hainbesteko inbertsioa eskatu duen beilatoki hau Casablancan dago (Erle garajearen ondoan) eta hildakoei beila egiteko hiru areto dauzka. Familiako kidea edota laguna galtzeak dakarren kolpe gogorra ahalik eta gehien arintzeko lagungarri izan daitekeen baliabide ororekin hornitu da, hala azaldu zuen Miguelek: “Diseinu txeratsua lortzen saiatu gara, bisitariei ahal den neurrian, bizitzen ari diren une zaila eraman errazagoa egin bide diezaion. Zendua ikusteko aukera eskaintzen duten areto independenteak daude, eta harrera edo atseden eremu zabala ere badu. Gainera, kanpoaldea ez da batere nabarmena eta aparkalekuen ondoan estali gabeko gune bat dago haizea hartu nahi lukeenarentzat”.
Gaurtik aurrera, zerbitzua baliatu nahi lukeen eskualdeko biztanle ororen eskura dago. Ordutegia: 10:00etatik 20:00etara. “Udalerriak betetzeke zuen ezinbesteko eginkizuna zen beilatokiaren eraikuntza, izan ere, Oñatin norbait hiltzen zen bakoitzean, haren familia-kideek beste udalerri batzuetako instalazioak baliatu behar izaten baitzituzten”, zioen Miguelek. “Urte asko daramatzagu egitasmo honi bueltaka, hainbat kokagune aztertu genituen, eta zorionez, egun, ahalegin ekonomiko aipagarri baten kariaz, badugu zerbitzu honen eskaintza zabaltzeko aukera, hemen, Casablancan”. Beilatokiak hilbeilarako 3 gela izango ditu, bulego bat, hilotzak atontzeko tanatopraxia gela eta biltegia, komunak zein garajea biltzen dituen beste eremu bat.